Hemen jasotzen dugu familia batzuk gure irakaskuntza-modeloaren inguruan planteatzen dizkiguten galderetako zerrenda bat.
Hemen jasotzen dugu familia batzuk gure irakaskuntza-modeloaren inguruan planteatzen dizkiguten galderetako zerrenda bat.
Nafarroako hezkuntza sistemak, hizkuntza eredu desberdinak eskaintzen ditu:
D EREDUA: irakaskuntza euskaraz da eta gaztelania ikasgai moduan ikasten da. Hezkuntza ikerketak eta araudia berari jarraituz, euskara eta erdararen ezagutza hoberena bermatzen duen eredua da. Nafarroan gehien igotzen ari den eredua da. Ikastolak, eredu honen sortzaileak izan ginen eta ondoren sare publikoan ezartzen joan zen.
A EREDUA: irakaskuntza gazteleraz ematen da eta euskara ikasgai moduan ikasten da, baina azken honen ikaskuntza ez da ziurtatzen.
G EREDUA: irakaskuntza erdara hutsean ematen da. Urtetik urtera, eredu honetan matrikulatzen diren ikasleen kopurua txikiagoa da.
B EREDUA: ikaskuntza euskaraz ematen da, erdara ikasgai moduan eta beste irakasgai batean edo batzuetan erabilera hizkuntza bezala erabiltzen da, ikaskuntza, zikloa edota etaparen arabera.
Nafar Gobernuak eremu euskaldunean A, B eta D ereduak baimentzen ditu, euskararen irakaskuntza derrigorrezkoa delarik; eremu mistoan A, B, D eta G ereduak eta eremu ez euskaldunean A eta G ereduak.
Haurrak guk erdara ikasi genuen bezalaxe ikasten du, era natural batez eta esfortzurik gabe. Ikastolara sartzen den lehen momentutik, komunikazioa euskara hutsean ematen da, “murgiltze-programa” deitzen dena. Hilabete batzuetan zuen seme–alabek bikain ulertuko dute euskara eta poliki–poliki euren lehen hitzak erabiltzen hasiko dira.
Bigarren hizkuntza baten ezagutzak, haurraren garapen intelektualari laguntzen dio eta kultur eta giza aukerak zabaltzen ditu. Hirugarren hizkuntza (ingelesa gure kasuan) erraztasun handiagorekin barneratzen dutela ere zientifikoki ziurtatuta dago. Onura hauek guztiei, lan mundukoak gehitu behar zaizkie, euskara lana aurkitzeko aukera bat gehiago da eta.
Gaztelera gure Komunitatearen hizkuntza bat izanik, zentzugabekoa litzateke merezi duen arreta ez eskaintzea. Ikastolon helburuetako bat, bigarren hezkuntza edota batxilergoko ikasketak bukatu ondoren, euskara zein erdarazko ezagutzak, ikasleari Unibertsitateko sarbidea ahalbidetzea da. Helburu hau egun, arazorik gabe lortzen ari da.
D ereduan gaztelera irakasten da eta hizkuntza honen alderdi guztiak lantzen dira: idazmena, irakurmena, ahozkotasuna, gramatika, ortografia, literatura … Gaztelera ez da ahazten, aberasten da.
Lehen momentuan halaxe dela iruditu arren, ikerketa neurolinguistikoen arabera, hizkuntzak ez dira konpartimentu estanko edo isolatuak. Errazago ulertu ahal izateko, gure garunean hiru puxika ditugula imajina dezagun: euskararena, gaztelerarena eta ingelesarena. Puxika hauek konektatuak daude, beraz euskararen puxika puzten badugu, aldi berean gaztelera eta ingeleseko puxikak puzten dira. Eta gauza bera gertatzen da euskarena edota ingelesarena puzten badugu. Hau da, hizkuntza baten hobekuntzak, beste bietan eragina du. Gure egoerara aplikatuz, euskararen ezagutza zenbat eta handiagoa izan, gazteleraren ezagutza hobea izanen da, eta kontrakoa.
Etxeko lanak berak bakarrik egin behar ditu. Bere etxeko lanak etengabe kontrolatzeak ez dio mesede handirik eginen. Gurasoen funtzioa etxeko lanetan honakoa da: ikasketa ohiturak bereganatu eta ezartzen laguntzea eta bere etxeko lanen ardura berak har dezala. Funtzio horretan, hizkuntzaren ezagutzan baino gehiago, zuen jarrera garrantzitsua da. Adibidez, bere etxeko lanak antolatzen lagun diezaiokezue, egin behar dituen etxeko lanak zeintzuk diren ezagutzeko interesa azaldu, noizko egin behar dituen, nondik has daitekeen, denbora nola kudeatu, e.a.
Edozein modutara, momenturen batean laguntza zehatz bat behar badu eta euskaraz ez badakizue, itzultzea eska diezaiokezue, hiztegiak erabili, gaztelerazko testu liburuak erabili, e.a. Ikastolan laguntza eska dezakezue ere edo hurrengo egunean zuen seme – alaba izan dadila zalantzak irakaslearekin argituko dituena.
Oraindik ere Nafarroan hizkuntza aukeren inguruan zalantza ugari dagoelako da, baina ez da horrela. Izan ere, gure familien gehiengoak Ikastola hezkuntza eredua aukeratzen du bertan eskaintzen den hezkuntza maila ona dela sinesten dutelako.
Nafarroako hainbat Ikastolek kalitate egiaztagiriak, hezkuntza kalitatea eta berrikuntza sariak jaso dituzte, eta ia guztiak, kalitate ereduetan (EFQM edo KEI) oinarriturik lan egiten dute.
Ezaugarri bereizgarri garrantzitsuenetako bat titulartasuna da. Ikastolok irakaskuntza kooperatibak gara. Ikastola bakoitza bere bazkide kooperatibistena da, hezkuntza zentro hau aukeratu duten familiak direla. Familiek, junta eta batzordeen bitartez, zentroaren kudeaketan parte-hartze zuzena dute, eta euren seme-alaben hezkuntza proiektua, egin beharreko inbertsioak eta abar erabakitzeko ahalmena dute.
Ikastolak beste eredu bat da, herritik herrirako sortutako eredu propioa.
Denbora librea atsegingarria izaten da haurrentzat, eta, beraz, bereziki garrantzitsua da aisialdian euskara erabiltzea: horrela, haurrak jarduera atseginekin erlazionatuko du hizkuntza, eta, bide batez, hizkuntzaren erregistro informala eskuratuko du (haserretzeko, txantxetan aritzeko edo txisteak kontatzeko erabiltzen dugun hitz egiteko modu hori).
Zuen alaba edo semea oraindik txikia izan arren, laster izango duzu hainbat jardueratan parte hartzeko aukera (musika, kirola, etab.). Ahal den neurrian, euskarazko eskaintza aukeratzea komeni da.
Euskara erabiltzeko testuinguruak eskaintzea komeni da: lagunekin euskara erabiltzea, euskarazko emanaldietara eta jardueretara joatea, etab.
Komeni da etxean euskarazko jokoak, liburuak, musika eta bestelako produktuak eskura izatea, eta telebistan zein ordenagailuan euskarak bere lekua izatea.
Euskaraz dakienak bere seme–alabarekin erabiltzea komeni da. Euskararen erabilera eskola eremura mugatzea, etxean guztiek hizkuntza bera erabili ahal izateko, tentagarria izan daiteke. Baina euskaraz dakienak, bere seme – alabari transmititzea oso garrantzitsua da. Etxean euskaraz aritzen diren haurrak, hizkuntza aberatsagoa eta hitz egiteko erraztasun handiena dutenak dira. Gainera, etxean euskaraz hitz eginez, abantaila asko eskaintzen dizkiozu: txikitatik bi hizkuntzak menpera ditzake, euskara aberatsa eta adierazgarria eskuratuko du, eta aldi berean, belaunaldiz belaunaldi pilatutako erreferente kulturalak igorriko dizkiozue.
Argi dago euskaraz ez dakienak bere hizkuntzan hitz eginen duela bere seme–alabarekin. Baina, biziki garrantzitsua da euskararekiko duen jarrera.
Aldeko jarrera eta aktiboa: euskaraz ez dakienak familiako beste kideek euskara hitz egiten dutenean interesa azaltzea garrantzitsua da, hitzen esanahiagatik galdetzea, abestean eta jolasean euskara erabiltzea, e.a. Haurrek aldeko jarrera hori nabaritzea garrantzitsua da.
Zuen seme–alabekin gai honen inguruan hitz egitea komeni da: etxean zergatik hitz egiten diren bi hizkuntza azaltzea, eta euskarak zuentzat duen garrantzia azpimarratzea.