Printzipio pedagogikoak
Haur Hezkuntzako etapan, ikasleari garapen fisikoan, afektiboan, sozialean eta intelektualean laguntzea da gauzarik garrantzitsuena.
Arreta handia jartzen da garapen afektiboan, mugimenduan eta gorputza kontrolatzeko errutinetan, komunikazio-gaitasunean eta hizkuntzan eta elkarbizitzarako zein gizarte-harremanetarako oinarrizko arauetan ere. Horrez gain, haurrari laguntza ematen zaio autonomia pertsonal egokia eta norberaren irudi positibo eta orekatua lor dezan.
Horregatik, Haur Hezkuntzak zeregin bikoitza bete behar du garapen integral hori lortzeko bidean. Alde batetik, prebenitu eta berdindu behar ditu ikasle bakoitzaren jatorri sozial, kultural edo ekonomikoa dela-eta egon daitezkeen desberdintasunak. Bestetik, erantzun egokia eman behar du, desberdintasun horiek eskolatze-prozesuan ez hareagotzeko.
Etapa honetan, ikasleak duen adierazteko modua globala da, eta hortaz, haurrari halako garapena ahalbidetzen dion testuinguru bat sortu behar du ikastolak, hots, ikasleari modu integralean –garapen alderdi guztien arteko lotura aintzat hartuta– garatzeko bide ematen diona.
Metodologia
Ikuspegi pedagogiko hori aintzat harturik, Urtxintxa curriculum-proiektuan, eta konfiantzan oinarritutako metodologia baliaturik, honako baieztapen honen alde egiten dugu: irakurtzen, irakurketaren bidez ikasten da; idazten, idazketaren bidez; batuketak egiten, batuketak eginez, eta zenbatzen, zenbaketaren bidez, hori bai, egoera esanguratsu, ludiko eta erakargarrien bitartez beti.
- Ikuspegi globala, hau da, interesgune bat ardatz hartuta, haurra alderdi guztietan garatzea ahalbidetzen duena.
- Ikuskera konstruktibista:
-
- Proposatzen diren jarduerek zentzua eta funtzionaltasuna dituzte.
- Ikaskuntza esanguratsua sustatzen da, haurren bizipen, esperientzia eta interesei loturik.
- Garrantzia ematen zaie ezaugarri ludikoa duten jarduerei.
- Ikaskuntza eraikitzera gonbitea egiten da, modu autonomo eta partekatuan.
- Buru-jardun trinkoa eragiten da, etengabe.
- Interakzioa, parte-hartzea eta jarrera aktiboa bultzatzen dira.
- Haurraren inguruan sortzen den giroa biziki garrantzitsua da, eta irakaslearekiko zein gainerako ikaskideekiko harremana ere bai.
-
- Euskarari zeharkako irakasgai gisako tratamendua ematen zaio eta proposamen espezifikoak egiten dira hizkuntza barneratzeko prozesuan laguntzeko.
- Ikasleak taldekatzeko hainbat era erabiltzen dira, ikasleen arteko lankidetzari eta interakzioari bultzada emateko.
- Jarduera esanguratsuak, motibagarriak eta funtzionalak planteatzen dira.
- Haurren gaitasunak eta heldutasun-maila oinarri harturik, aniztasunarekiko begirunea adierazten da, eta berdintze-neurriak hartzen dira.
- Ebaluatzeko modua formatiboa eta pertsonalizatua da.
- Garrantzi handia ematen zaie haurrek adin horietan izan ditzaketen gaitasun sozialei, balioei eta sentimendu zein emozioen tratamenduari.
- Aldi berean, familien parte-hartzea eta inplikazioa ere oso garrantzitsuak dira.
- Sistematikoki lantzen dira euskal dimentsioari loturiko edukiak.
Txokoak
Txokoetan lan egiteak badu helburu nagusi bat: autonomia intelektuala garatzea, ikasleak berak hautatzen, antolatzen eta egiten baitu proposatutako jarduera. Horrela lantzen dira honako gaitasun orokor hauek: NORBERA IZATEN IKASTEA (autonomia lortzea), ELKARBIZITZAN IKASTEA (taldean bizitzeko prestatzea), eta, batez ere, EKINEZ ETA EGINEZ IKASTEA.
Arloak
NORBERAREN EZAGUTZA ETA AUTONOMIA (Gorputza, nortasuna eta autonomia pertsonala)
- Arlo honetan haurrek beraiei buruz dakiten guztia barneratzen dute; beraien irudiaren eraikuntzari eta beraien gaitasunei eta mugei buruzko guztia.
- Autoestimua, ongizate emozionala, konfiantza eta segurtasuna lantzen dira, haurrak baloraturik senti daitezen.
INGURUNE FISIKOA ETA SOZIALA (Ingurune soziala eta fisikoa)
- Haur Hezkuntzan, ingurune fisikoa eta soziala dira globaltasunaren ardatza, eta ipuinaren bidez lantzen dira.
- Unitate didaktikoen bidez esperimentazioa eta banakako behaketa bultzatzen da, objektu, leku, ekintza eta pertsonen inguruan teoriak eraikitzeko.
HIZKUNTZA: KOMUNIKAZIOA ETA ERREPRESENTAZIOA (Komunikazioa eta errepresentazioa)
- Hizkuntza
Hizkuntza elkarreraginaren bidez eskuratzen da, besteekin komunikatzeko erabiltzen dugunean, eta, hortaz, halako egoera batzuk sortzen dira non komunikazio-maila ahalik eta aberasgarriena izanen baita. - Irakurketa-idazketa
Ikasleari egoera funtzional eta motibagarri ugari eskaintzen zaizkio, jarrera positiboaz beti, idazketa-egiturak barneratzen joan dadin. - Matematika
Arlo honek izaera funtzionala dauka. Ingurunea esperimentatuz eta unitate didaktikoetan planteatzen diren askotariko egoeren bidez haurrek tokia, antolamendua, unitateak eta kopuruak jorratuko dituzte pixkana. - Plastika
Gure materialak eta metodologiak duten izaera globalari jarraikiz, plastika eta arteko proposamen guztiak testuinguru esanguratsu batean txertaturik egiten dira, batzuetan helburu batez, beste batzuetan proiektu bat osatzeko jarduera gisa. Proposatzen diren jardueretan ikasleek adierazpen plastikoa iker dezakete, askotariko materialak erabiliz eta gainerakoek egin dituzten artelanekiko begirunea landuz. - Musika
Erabiltzen diren abestien bidez kantua ez ezik erritmoa, mugimenduzko jolasak eta dantza ere lantzen dira. Horrez gain, musika klasikoak eta euskal tradizioko kantek ere badute tokia.