[EUS] Ohore eta poz handia izan da guretzat Euskaltzaindiako kideak Viana eta Erentzun Ikastola bisitatzen izatea.
Viana herria ezagutzeko aukera izan dute, eta, ondoren, gure ikastolako ateak zabaldu dizkiegu. Bisita honek esanahi berezia du guretzat, Euskaltzaindiak euskararen zaintzan, ikerketan, normalizazioan eta transmisioan egiten duen lana oso lotuta baitago Erentzun Ikastolaren eguneroko egitekoarekin.
Euskara da gure oinarria, eta gure hezkuntza-proiektuaren bidez belaunaldiz belaunaldi hizkuntza, kultura eta balioak transmititzea dugu helburu. Gure ikasleak euskaraz heztea ez da soilik hizkuntza bat irakastea: komunitatea eraikitzea, gure kulturarekiko atxikimendua sustatzea eta euskarak etorkizunean ere bizirik eta indartsu jarrai dezan laguntzea da.
Horregatik, Euskaltzaindiaren lana eta Erentzun Ikastolaren egitekoa bide bereko bi ekarpen direla sentitzen dugu: euskararen ezagutza, erabilera eta transmisioa bultzatzea, bakoitza bere esparrutik.
Eskerrik beroenak ematen dizkiegu Euskaltzaindiako kideei gure herria eta ikastola bisitatzeko hartu duten denboragatik, eta batez ere, euskararen alde egiten dugun lana partekatzeko eta elkar ezagutzeko aukera emateagatik.
Erentzunen, euskaraz bizi, ikasi eta hazten jarraitzen dugu.








